XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Gaixtakeria duzu gogoan naski! Ezkerreko zangoaz eman ostikoak ez baldin badizu minik egin, eskuinekoa jasta araziko dizut!

Blan! Gaitzeko ostiko bat eman zion berriz ere! Eta berriz ere zangoa gizonari lotua gelditu.

- A! Ipurdia ez duzu minbera? Muturreko bat emanen dizut.

Ikusiko dugu ez duzun konprenituko.

Bere indar guziaz jo zuen begi gainean.

Laugarren zangoa ere gizonari lotu!

Lau baizik ez zitzaizkion gelditzen lipuari.

Hasi zen orduan dena zalaparta, azkenean lau zango pareak eta gorputz guzia gizonari lotuak gelditzen zirela.

Lipua preso zen.

Nor zen bada gizon hori? Gau hartan laminek mamu bat egin zuten.

Ez, gure mahastietan ikusten direnak iduria, galtza eta atorra zahar batzu lastoz beteak.

Ez! mamu bat oso pollita, biziki ontsa egina, ez baitzuen iduri mamu bat zela.

Eta beren mamua bikez estalgi zuten.

Mamu hori hain zen poliki egina non lipua, abila zen bezalakoa, ez baitzen ohartu ere mamu bat zela.

Iguzkia agertzearekin, bike hori guritu zen eta bike horri zitzaion lotu lipua.

Egun guzia hor egon zen, eguerdiko beroak kiskailtzen zuela, artetan zalaparta zonbait egitera entseatzen zela. Debaldetan!

Ez zion beroak eman arrangurarik handiena.

Egun guzia gogoeta egon zen, lehenik hortik eskapatzeko zer egin zezakeen eta azkenean, etsiturik, zer gertatu behar ote zitzaion, nola behar zuen bururatu istorio horrek.

Gauak ekarri zien erantzuna lipuaren galderei.

Beti bezala laminak etorri ziren.

Talde osoa. Lauhazka.

Mamuari buruz zuzen zuzena.

- Atzeman diaguk ohoina, Gilen.

Hatzeman diaguk! Oihu egin zuen gazteenak, hura baitzen heldu lehena mamuaren ondora.

Liputzar bat, besterik ez duk!